larunbata, urtarrila 27, 2007

Xabier Kintanaren argudioak

Erramun Gerrikagoitiaren "Referentziak" blogean ahal ditugu irakurri Xabier Kintanaren argumentuak kontra tesia ezen hizkuntza burulehenak daude teknikoki garatuago ézi hizkuntza buru-azkenak:

Erramun adiskidea:

Mila esker zure mezuengatik. Sintaxiaren beste posibilitateak aipatzen dituzu. Horiek, jakina, infinituak izan daitezke, baina kontua da hizkuntza bakoitzak, bere eboluzio propioaren aribidean, horietako batzuk bereganatu eta hobetsi dituela. Eta horiek gertatu dira, besteak beste, bere nortasunaren ezaugarri linguistiko propio. Tipologiari dagokionez, ondo dakikezunez, badira S (subjektua) V (aditza) eta O (objektua) ordenatzeko eran aukera ezberdinak: semitar hizkuntzek VSO hobesten dute, europar mintzaira askok SVO, latinak eta euskarak, aldiz SOV. Erdaren eraginez zuri errazagoa, logikoagoa eta ederragoa iruditzen zaizu SVO delakoa, euskal tradiziokoa gaitzetsiz. Zergatik ez zoaz japoniarrengana gauza bera predikatzen? Haiek ere SOV tipoko mintzaira daukate, eta segur aski horregatik daude hain atzeraturik.

Deklinabidea darabilgulako, berriz, jo eta ke ari zara "tik etxe" gisako aldaketak predikatzen. Zergatik ez diezu espainolei ingelesez "the father's house" esaten dutelako argudioa erabiliz, berek eskuarki "la casa del padre" diotenaren ordez "la padre de casa" esan dezaten, horrela ingeles aurreratuagoen itxura logikoago hori lortzeko? Edo errusiarrei beren deklinazio aberatsa ken dezatela predikatzen?

Zer eta nolako logikaz eta erraztasunaz ari zara baina? Espainolenaz? Munduko hizkuntza gehienak eranskariak dira, hots, euskararen antzekoak, eta horietako asko hiztunen kopuruetan ere ez dira nolanahikoak (japoniera, turkiera, georgiera, hungariera, finlandiera, kitxua, nawatl eta Amerikako indiar guztienak....), hortaz, lotsatu behar al dugu euskaldunok garen bezalakoak izaten segitu nahi dugulako?

Gauza batean konforme nago zurekin: gehiegikeriak eta abusuak ere egin daitezke sintaxian eta egin egiten dira, eta horiek kasu batzuetan errazago esan litezkeen. Baina, Erramun, ez al zara konturatzen, "etxetik" barik "tik etxe" bezalako aldrebeskeria, inon esaten ez dena eta euskara ere ez dena (ez erraza, ez zaila, hori ez baita ezer) predikatzen diguna, ez dela inoren gehiegikeriak salatzeko pertsonarik egokiena? Fitsa eta gapirioarena ahantzia al duzu?

Badakit ez dela erraza non eta Euskal Herrian, normaltasunaz mintzatzea eta oreka gordetzea, baina, serioski esanik, zer uste duzu erantzunen lieketela Espainian gaztelaniaz zerorrek predikatzen dituzun gisako "soluzioak" proposatuko lizkieketenei? Zer iritziko liokete halakoari? Nik neuk behintzat, onerako ala txarrerako ote den guztiz segur ez banago ete, aspaldian erabaki dut gurean ezin jo daitekeela normaltzat beste inon, geure egoera berean egonik, inondik ere normaltzat hartuko ez litzatekeena. Eta horrek errealitatea neurtzeko parametrotzat balio dit. Pertsona, gizarte eta hizkuntza guztietan badira kontraesanak, historian sortu eta harrezkero herrestan eramaten direnak, baina puntu bateraino giza abereon izaeraren osagaiak dira, geure nortasun bereziaren ezin kenduzko akatsak, azaleko oreinak edota sudur luzea edo hanka okerrak bezalakoak, eta askotan horiekin bizitzera ohitu behar dugu. Logikoak al dira gaztelaniaz, boda lat. vota, sing. votum, coger coxer, coller, colli(g)ere, abuelo lat avus, moduko grafiak ala? Eta nork proposatzen du horien idazkera aldatzeko?

Besterik gabe, adeitasunez eta adiskidantzaz agurtzen zaitu

Xabier Kintanak
Hurrengo postetan joango gara aletzen Xabier Kintanaren argudioak. [100] []

Etiketak: