astelehena, iraila 24, 2018

Estruktura sintaktikoetan, berdin

Itziar Diaz de Ultzurrun-ek ondorengo gogoeta egiten du gaur an artikulua titulatzén "Hitzak aske" (Berria)
Inbidia ematen didate konplexurik gabe «berba oro» bezalako elkarketak egiten dituztenek, bai hala egiten dutenek aldez aurreko inolako gogoeta sakonik egin gabe, bai hautu oraingoz ez erabat ortodoxo hori egitera patxadaz ausartzen direnek bolaluma gorria eskutan oldartuko zaizkionen beldur izan barik. Nire inguruko ume batzuk ere halaxe mintzatzen dira: gure alabak batzuetan «gurariak» izaten ditu, eta beste batzuetan «txirrintak».

Ni oraingoz ez naiz nahi bezain eroso sentitzen bateko eta besteko hitzak neure gogara josten. Atzo idatzitako testu batean laket aditza erabili nuen laga aditza erabili ondotik eta kostata eutsi nion bata edo bestea aldatzeko tentazioari. Dena den, egiari zor, laket eta laga oso etxekoak ditut biak, eta segur aski ez nituzke saski bereizietan gordeko hola egin behar dudala ikasi izan ez banu.

Adiskide batek, estutasunetan laguntzeko beti gertu egon ohi diren horietakoa bera, gaiari buruz orain lau bat urte idatzi nuen pasarte bat gogorarazi dit. Bertan aitortzen nuen ausart samar ibilia nintzela itzulpen batean bizkaierazkotzat jotako hitzak ekialdekotzat jotako beste batzuen ondoan paratzen. Orduan, neure buruaren zurigarri, idatzi nuen Virginia Woolfek hitzei buruzko hitzaldi batean honelatsuko zerbait esan zuela: «Nola batu ditzakegu hitz zaharrak modu berrian bizirik iraun dezaten, edertasuna sor dezaten, egiazkoak izan daitezen?»; eta hau erantsi zuela: «Ingelesezko hitzak hitz frantziarrekin ezkontzen dira, eta alemaniarrekin, hala egiteko txirrinta dutenean». Baita honako hau ere: «Hitzak ez dira hiztegietan bizi, buruan baizik. Eta nola bizi dira hitzak buruan? Ba, modu askotan eta modu bitxian, jendea bizi den bezalatsu, harat eta honat joanez, maiteminduz eta elkar lotuz».

Eta, nioen nik orduan eta diot berriz gaur: hitz frantziarrak eta ingelesak beldur barik ezkontzen badira, zergatik ez ditugu ba ezkonduko bizkaierazko hitz batzuk kolkoan daramatzagun beste hitz nafarrekin? Gure etxean, eta nire buruan, hala zen txikitan, eta hala da orain.

Nire aburuz, beti izan beharko genituzke eskura gure literatur tradizioak eta hizkuntz ondareak. Hor ditugu Axular eta Lizardi, Duvoisin eta Oihenart, Altube eta Lauaxeta. Hor XVIII. mendeko idazleak eta XX.ekoak. Hor euskalkien saskiak, ekialdekoak, mendebaldekoak, erdialdekoak ... Zakuak eta zakuak bete hitz. Hitzen ñabardurak ez dira soilik jatorriaren araberakoak, badituzte bestelako usain eta koloreak ere. Har ditzagun komeni zaizkigunak, nahas ditzagun saskiak pitin bat, jolas gaitezen apur bat. Senez, jakina, baina senak hain dira askotarikoak eta bitxiak, ezta? Bide horretan aitzina egin beharra dugulakoan nago, hitzak aukeratzeko eskubidea zabalduz. Horregatik, aspaldi erabaki nuen hitz ezagutu berriei ez niela galdetuko nongoak diren, nora joan nahi duten baizik. Batura etorri nahi dutela erantzuten didate beti. [Itziar Diaz de ltzurrun, "Hitzak aske", Berria, 2018-9-24) ]

Estruktura sintaktikoetan, berdin. [346] [>>>]