asteartea, azaroa 19, 2019

Bittor Hidalgo: "... tamaina oso mugatuen inguruan"

Bittor Hidalgo-k dio (ikus hemen nondik datorren):
_________________________________

Asko poztu nintzen atzo berorren aipua eta galdeak irakurrita. Beste gauza bat da erantzutea... Edota inori interesatzea diodana...

Argiako elkarrizketa 2003koa izan zen nonbait, eta orduan nintzen bero gaian, eta nire orduko ‘jakinduria’ saiatu nintzen laburtzen ‘Esaldiaren informazio egitura: unitate eta kontzeptu arazo’ artikuluan (B. Fernandez, I Laka (arg.) Andolin gogoan, EHU, 2006, 453-476 orr.). Bertan ere orduko, 2005 inguruko bibliografia oso eguneratua zuk, Jesus, aipatu kontuen inguru. Ez dut uste inor askok irakurri / ezagutzen duenik delako artikulua, garaian nire ‘testamentu linguistiko’ jo nuena (emailez bidaliko dizut nik gordetzen dudan bertsioa).

Orain 2019an hasi natzaio berriro gaiari gogoz hurbiltzen. Inpresioa dut ikerketa aldetik ez dela aurrerabide nabarmenegirik izan azken 15 urteotan edo, baina hauek ezagutzen nabil besteak beste ondoko lau arlootan:

1. Nola prozesatzen ditu gizakiak hizkuntza mezuak, bereziki ‘esaldiak’ (ez zait gustatzen kasuan ‘perpaus’ terminoa –baina beste eztabaida bat da), h.d. enuntziatuak edo, bere testuinguru jakinean ‘ideia oso’ bat adierazteko gauza diren egitura linguistiko minimoak), zeinahi hizkuntzatan ere?
a) Hala, hauek entzunez jasotzen dituenean.
b) Nola, irakurriz jasotzen ditugunean.
Aspalditik da oinarrizko kontsentsu teorikoa onartzea inkrementala dela esaldietako mezuen deskodetze prozesua. Ez entzuleak, ez irakurleak (ez zeinu hizkuntzetako ikusle hartzaileak), ez diotela inoiz esaldi ‘amaierari’ itxaroten hau prozesatzen / ulertzen hasteko, baizik eta mezua jasotzen hasitako momentu beretik diharduela mezu hartzaileak mezua deskodetzeko ahaleginean, ulertzen ordura arte esanikoa ordura arteko testuinguruaren baitan, eta gainera hipotesiak garatzen ondoren datorkeenaren inguruan, hipotesi berri hauek kontrastatzen jasotako informazio berriaren arau… Ñabardurak berriz gero eta ñabarragoak… Nolako zatiak prozesatzen dira? Nola zatikatzen ditugu prozesatu beharreko zatiak?

2. Eta ahozko hizkuntzari gagozkiola, zein bide jarraitzen dugun gizakiok, zeinahi hizkuntzatan ere, gure hizkuntza mezuak sortzeko eta ahoz adierazteko, eta bereziki ‘esaldiak’ […] –idazte prozesua, noski, beste bat da–? Eta alor honetan (niri) bereziki argitzea interesatzen zaidan galdera eta azpigalderak:
a) Nola igarotzen gara, halako ideia bat burura ekartzetik eta berau adierazi nahi izatetik, adierazten hastera?
• Zer dugu lehendabizi garunean hitz egiten hasi aurretik?
• Berba egiten hasterako dugu jada argi garunean aldez aurretik ‘esaldi horretan’ esan behar dugun guztia / esan behar ditugun hitz guztiak / esan behar ditugun ordenan…? Eta orduan botatzen dugu dena batera segidan…?
• Ala, hasten gara hitz egiten, nahiz esaldia / ideia artean erabat gauzatu gabe izan ‘linguistikoki’ garunean? Hau da:
• Artean soilik, komunikatu nahi dugun ‘ideia abstraktua’ dugularik garunean, eta hau ahoz komunikatzeko erabakia, soilik erabakitzen dugu nondik hasiko garen ideia / esaldia transmititzen, eta beraz soilik lehen atal hau guztiz gauzatzen garunean linguistikoki / hitzetan, eta hau egin dugunean hasi ideia atal hau fonetikoki gauzatzen, bitartean ondoko zatiak prestatzen ari garelarik (zein zati eman hurrena eta honen gauzatze linguistikoa prestatzen garunean, hura fonetikoki gauzatzeko hurrengo hizketa ‘unitatean / puskan’)?
• Eta agian prozesu mailakatu horretan ere agian joan gaitezke aldatzen / zehazten… gure ideia bera eta hau transmititzeko bidea?
b) Nola transmititzen dugu ideia / esaldi hori ahoz (edo zeinu hizkuntzan)?
Eta puntu honetan ere aspalditik dugu oinarrizko kontsentsu teorikoa, transmisio hori lineala dela, denboran zehar gauzatzen dela, ez dela bat-bateko transmisioa, gizakiok ez dugula oraindik horrelakorik asmatu…
Nire 2006ko aipatu artikuluan jasotzen da ordura bitarteko hainbat bibliografia lehen bi atalon inguruan, esaldien ahozko sortze prozesuak, eta esaldien ulertze prozesuak dela entzunez, dela irakurriz. Geroztik ere nahikoa ugariagoak dira bi alor hauen inguruko ikerketa saioak eta ez ditut aipatuko hiru bilduma garrantzitsu berri (nik oraindik ere guztiz ez irakurri ez aztertu ez ditudanak, baina ezinbestekoak egunean egon gura duenarentzat, nahiz ‘misterioek’, noski, guztiz argitu gabe jarraitu –zenbat eta gehiago jakin, orduan eta galdera berri gehiago erantzunik gabeko–). Hala:
The Cambridge Handbook of Psycholinguistics. M.J. Spivey, K. Macrae, M.F. Joanisse (arg.), CUP, 2012.
The Oxford Handbook of Language Production. M. Goldrick, V. Ferreira, M. Miozzo (arg.) OUP, 2014.
Neurobiology of Language. G. Hickok, S.L. Small (arg.), Elsevier, 2016.
Hiru liburuak daude Donostiako HABEko liburutegian (edo inork nahi izanez gero, jarri liteke ere nirekin harremanetan).

3. Baina ideia / esaldi bakoitzaren adierazpena / transmisioa bat-batekoa ez bada, lineala bada, denbora behar badu, nola gauzatzen da?
• Esaldika / Esaldi osoka, zeinahi ere delarik esaldion luzera edo konplexutasuna?
• Zatika? Esaldiak zatikatzen ditugu transmititu ahal izateko? Zein zatitan? Nolako zatiak? Hiztun bakoitzaren mania, gaitasun eta idiosinkrasien baitakoak bide dira zati horiek? Ala, ezaugarri jakin eta ezagugarriak dituzte zatiok? Eta kasuan, zein? Hala, nolabait neurgarriak dira zati hauek? Eta hizkuntza guztietan dirateke berdin(tsu)ak? Ala aldatzen dira hizkuntzaz hizkuntza (hiztunez hiztun…). Zein dirateke ‘zati’ horien mugak, muga ‘fisikoak’…?
Itxuraz agian errazagoa behar luke arloa ezagutzeak, nolabait ‘fisikoa’ delako prozesua, giza gorputzetik kanpokoa, ‘fonetikoa’, entzungarria’ (1. eta 2. ataleko kontuak giza garun ezkutu eta helgaitzagokoak diren bitartean…), baina ez da horregatik hemen ere kontsentsu handirik (seguru asko, diot nik, gaur egungo iritzi bide gramatikal nagusienek alde fisikotik baino alde ‘printzipista’ batetik heltzen diotelako kontuari, eta zelan itsu okerragorik ez den ikusi nahi ez duen hura baino…). Nolanahi, 2006ko artikuluan aipatuez gain, nahiko/oso interesgarria iruditu zait jabetzeko oraindik non gabiltzan, Brasilgo Minas Gerais-eko Unibertsitate Federalak argitaratzen duen Revista de Estudios da Lenguagem aldizkariaren 2018ko 26-4 aleak –guztia ingelesez, salbu aurkezpen elebiduna, portugesez ere–, gaiari eskaintzen dion monografikoa (aurkezpenaren izenburuak dioen gisan: Spontaneous Speech Segmentation: Functional and Prosodic Aspects…), bertako erreferentzia bibliografiko eguneratu guztiekin. (http://periodicos.letras.ufmg.br/index.php/relin/issue/view/Speech%20Segmentation)

(Oso) Interesgarria izango da ere argitaratzen denean iragarria den ondokoa In Search for a Reference Unit of Spoken Language: A Corpus Driven Approach. Amsterdam: John Benjamins. Baina oraingoz gosean nauka.

4. Azkenik, giza garunaren gaitasuna osagai linguistikoak bere horretan gordetzeko bere memorian (h.d. hitzez hitz), ‘epe laburreko memorian’ edota ‘lan memorian’, eta ez bakarrik gutxi gorabehera ‘epe luzeko memorian’ egin ohi dugun gisan. Gaitasun hori ‘oso’ mugatua dugu, eta horrek eragin zuzena du gizakiok esaldiak sortzerakoan garunean aldez aurretik gorde / eraiki dezakegun informazio linguistikoaren ‘tamainaren’ inguruan, zein ere mezu linguistikoak prozesatzerakoan, honen zatiak gure garunean modu linguistikoan gorde / mantendu ditzakegun ‘tamaina’ oso mugatuen inguruan, hauek aurretiko beste ‘ideia / egitura’ zabalagoetan integratu gabe (zergatik irakurri behar izaten ditugun testuak bi aldiz-eta oso bereziki gaur eguneko euskaraz –ze ez Axular… irakurtzen…–).

Ez dut oraindik astirik izan gaiari berriro heltzeko (2006ko artikuluaz geroztik), baina oso interesgarria, eta oraindik ezagugarria da G.A. Miller, Harvardeko Univertsitateko irakaslearen ondoko artikulu oinarrizkoa: The Magical Number Seven, Plus or Minus Two - Some Limits on Our Capacity for Processing Information (http://www2.psych.utoronto.ca/users/peterson/psy430s2001/Miller%20GA%20Magical%20Seven%20Psych%20Review%201955.pdf).

[Bittor Hidalgo]

[718] [>>>]

Etiketak: , ,

3 Comments:

Blogger Gilen said...

Euskarazko esandien garuneango prozesamenduari dagokionez, hona orain-oraingo ikerketa-proiektu bat:

https://aldizkaria.elhuyar.eus/albisteak/ergatiboa-duten-esaldi-iragangaitzak-prozesatzeko-/

asteartea, azaroa 19, 2019 9:41:00 AM  
Blogger Gilen said...

Hizpidera ekarri dut ikerketa hori zeren uste dut ezen erabilirik harako metodologia zein aipatzen den artikuluan erraz ikus ahal litekeela hitz-ordenak zer-nolako eragina duen mezuak prozesatzeko abiaduran eta efizientzian, bai eta zeren Jesusek maiz agertu du interesa holako esperimentuetan.

asteartea, azaroa 19, 2019 1:54:00 PM  
Blogger Jesus Rubio said...

Eskerrik asko, Gilen.

asteazkena, azaroa 20, 2019 6:32:00 AM  

Argitaratu iruzkina

<< Home