larunbata, martxoa 11, 2006

Rubioren bide galdua (Henrike Knörr)

  • Rubioren bide galdua (Henrike Knörr)

Jesus Rubio: Euskararen garabideak. Alberdania, Irun 2002.

Jesus Rubio jaunak, Ekonomian doktoreak, iraultza bat proposatu du liburu honen bitartez. Haren ustez, euskarak ez du etorkizunik, ez salbamenik, ez bada errotik aldatzen hitz ordena, orain arte ezagutzen duguna.

Posposiziotik datorkio euskarari gaitza, edo gaitzaren zati handi bat, Rubioren aburuz. Preposizioen esparrua landu behar da gure hizkuntzan, edo euskararenak egin du. Demagun, hemendik aitzina hobe dugu, “baliabide linguistikoei buruz” baino beste hau esatea: “buruz-eta baliabide linguistikoak” (62. orr.). Interneteko eztabaida batean, 2004ko uztailaren 3an, perpaus hau ezarri zuen Rubiok eredu: “Kurtso honen helburua da eskaintzea ikuspegi orokor bat gain gertaera sozial eta kultural garrantzizkoak …”. Ildo beretik, zilegi ez ezik, guztiz beharrezko iruditzen zaio egileari “kontra mediokritatea”, eta abar.

Mundu guztiak daki euskarak malgutasun gehiago behar duela, hitz ordenari dagokiola, garbizale askok gomendatu eta gomendatzen dutena baino. “Garai hartan, zeinetan gure gurasoak …”, edota “Pello, nire adiskidea baita, gaur iritsi da”, eta abar, ez dira inola ere arbuiatzekoak. Aitzitik, batzuetan molde horiek dira hautatu beharrekoak. Urruti gelditzen zaigu, zorionez, Azkuerekin hasi zen “antizeñismoa”, hots, zein, non eta antzekoak galde-perpausetik kanpo erabiltzearen aurkako joera. Jakina denez, joera horren Biblia (nolabait esateko) Patrizio Orkaiztegiren liburua da: Observaciones para hablar y escribir tolerablemente en nuestro idioma éuskaro (Tolosa 1906)

Baina Jesus Rubiok proposatzen duena oso bestelakoa da. Eta proposamenaren ondorioa datorkeena ez da euskara. Rubioera dateke, gehienez ere.

Gainerakoan, hizkuntzari buruzko liburu batean, eta estiloaz diharduen liburu batean, kontu pixka bat eska liteke hizkuntzan, hain zuzen ere. Eta argi esan behar da, zorigaiztoz, ugari ugariak direla hemen akatsak. Besteak beste, “nola” baten ondoan “litzateke” bat dugu 78. orrialdean, eta “munduko hainbat hizkuntzek” 114.ean. Komak maiz falta dira. Frantsesezko aipamenetan hutsak ez dira bakanak. Adibidez, “example” dakusagu 54. orrialdean, “exemple” behar denean; “Le basque ne se prête beucoup […] Il va mieux …” ageri da 70. orrialdean, “beaucoup” eta “vaut”-ren ordez, eta abar. Azken adibide honetan, bestalde, Rubiok dio oharrean: “P. Laffite, Grammaire basque […] 896. or”, baina liburuak 489 orrialde ditu bakarrik; 896.a paragrafoa da. Inglesez ez da esaten “syntaxis”, “syntax” baizik (143. orr). Zertako jarraitu? Argitaletxe eta moldiztegietan izan ohi dira zuzentzaileak; betiko joanak ote dira? Horiek ez zuketen liburu hau ona egingo, baina hain zabar ikustean, askoz arrazoi gutxiago dugu seriotan hartzeko.
(Agertua an: "Landazuri" aldizkaria, nºak 11, 12, 13 abendua 2005, or. 87) [75] []