osteguna, urtarrila 12, 2006

"Rubio jaunari zenbait ohar" (Joseba Lakarra)

[Jarraian irakur dezakegu Joseba Lakarraren erantzuna a galderak eta komentarioak zein egin nituen hemen. Erantzun hori atera dut ti bloga deitzen Filoblogia, idatzia per Ricardo Gómez. Hurrengo mezuetan erantzunen diot a Joseba Lakarra.]

Nik ez dakit ekonomistak, baina hizkuntzalari eta filologoak oso hartuak gaude, hots lepora eta are kokoteraino lanez, eta alperriko lanez, batez ere. Zuk Ricardo eta bioi egiten dizkiguzun galderen erantzunak nik ez ditut; ez dakit tokatu ere egiten zaidan —ez dut inoiz esan horrelako ezertan aditua naizenik eta oraingoz ez zara nor ez niri ez inori etxerako lanak jartzeko— baina ez ditut erantzunok. Ikusten dudanez zure idazkera harro horretarik, zuk bai badituzu (edo, hobe, uste duzu badituzula) eta asko pozten naiz zure pozaz (eta are gehiago poztuko nintzateke hori horrela balitz) zeren segur naiz ikerketa samalda horren erreferentziak emango dizkiguzula, orain ez bada aurreraxeago. Pena da, beharbada ekonomi-teoriako aldizkariak irakurtzen ez ditudalako ez DAKIT ze hizkuntza eta zergatik pasatu den SVO-tik SOV-ra ez alderantziz eta egiatan diotsut lehenago ere ikaragarri gustatuko zitzaidakeela jakitea eta are gehiago orain azken urteotan egiten ari naizen lan zenbaitengatik.

Intereseko edo gustuko dukezun ez dakit, baina SVO > SOV euskararentzat proposatu zuen Traskek (1977an) eta bada, Ricardo Gómez esaterako, euskara historiaurre urrunean VSO zela dioenik ere (ni ere ez naiz batere kontrako); alderantzizkoa, SOV > SVO ingelesarentzat edo hizkuntza erromantzeentzat proposatu izan da, mundu guztiak dakienez; azkenik, bada SOV > VSO egin duenik
ere (hizkuntza zeltikoak) eta ez dut uste hizkuntza semitikoen aditzahasieran aspaldikoa izan arren Allah-k hala eman zienik.


Kontua da proposamen horien eta beste horrelako zein kontrakoen alde egotea dela gauza bat, JAKITEA beste bat, eta horien "baldintzak" zehaztea beste bat oraindik. Bidebatez, zer da "baldintza" zuretzat, hizkera mota hori ez baita estandarra nire irakurketetan?: 1) kronologia?, 2) Morfologiazko edo sintaxizko egitura eragilea(k)?, 3) Ekonomia-gizartea-irakaskuntza-mass media...-ren ustezko eragina aldaketa prozesuan? Badaezpada ere, sustrato kontuetan bezala, hemen ere barneko azalpenak izan ohi dira sinesgarrienak eta aberatsenak.

Nolanahi ere, ulertuko nuke hau guztia denbora-pasa polit bat baino ez izatea norbaitentzat baina asuntoa da nik ez dudala horretarako asti ez gogo gehiegirik: begira, tipologiaz zerbait jakin nahi baduzu liburu, artikulu eta are aldizkari osoak dira horretarako: hasi Comrie-rekin eta ez gelditu. Horiek dira euskal hizkuntzalariek, hots euskalariek, semitistek, sinologoek zein austronesistek bezala, irakurtzen dituztenak edo irakurri behar dituztenak zure galderak (eta horiek baino apalxeagoak) erantzun ahal izateko.

Horrenbestez, zergatik ez dituzu horiek (edo horietako batzuk, bederen) irakurtzen eta, zure galdera famatu horiek ihardetsiak gelditu badira, guri horrela gaztigatzen? Mesede ederra egingo diguzu, sinis nazazu, beldur bainaiz euskarak iraganean izan dituen eta orain izan d(it)zakeen hitz-ordena(k) ez d(it)ugula —Ricardok eta biok saihesten omen dugun— gure arteko eztabaida hutsaz, edo herri-bozketaz garbituko.

Argi gera bedi honek guztiak ez duela zerikusirik txikiena ere euskarak IZAN BEHAR LUKEEN edo KOMENI LUKEEN edo antzeko edozein gogoetarekin; azken kontu hauek estetika kontuak edo dira eta ni horretarako itsu naiz, hizkuntzalari bezala bederen, eta uste dut kofradiako jende gehientsuenari horrelatsu gertatzen zaiola. Beste hitz batzuez —Arestiren hitzez, zehatzago— esanda, hizkuntzalari legez, piper siku bat inportadujeten jata: Hori Euskaltzaindikoekin edo zure (eta nire) Unibertsitateko Euskara Zerbitzukoekin edo eztabaidatu nahi baduzu, phenómeno! Nik horretan emaitza jakitearekin —emaitzarik baldin bada— aski dut, xehetasunak besterentzat uzten ditut, direla hizkuntza-konpontzaileak, petrikiloak... edo psikiatrak. Hori bai: euskaldun naizen partetik nire hizkuntzak beste edozeinek adinako eskubide eta duintasuna duela uste dut, ez gehiago baina ezta gutxiago ere edozein Frankenstein doktorek hazta, okazta eta txikira ez dezan; ez ni, baizik eta Axular, Jean Etxepare zein garunak bere tokian dituen edozein beharko duzu konbentzitu ez dakit zertarako zure ahuntz-erdara
barregarri hori euskara dela. Ekin eta Jarrai, bada!!


Zure idatzian bada beste puntu bat barregarria oso: doktore omen zaitugu, Ricardo Gómez ezjakin hori ez bezala, bide batez. Kontxo-kontxo, ze ondo! Eta teoria ekonomikoan gainera! Ene bada, hau da poza! Hautsi da anfora eta hautsi da Ricardo eta nire "monopolio linguistikoa" (hauskorra bide zen, halere...) Salbatu da gure hizkuntza, salbatu gara euskalariok eta biba zu!

Baina Ricardo Gómezek edozein hizkuntz-azterketaren oinarrizkoenak zuri eta besteri hemen azaltzen denbora askotxo galtzeaz landa, bere alorreko —euskal linguistika eta filologiako— zenbait doktorek baino gauza hoberik eta estimaturik argitaratua du aspaldixko (Filoblogia honetatik kanpo bada ere) eta gainera, agian zure gaitzerako, aurki doktorea dukegu bera ere (nahiz eta ez, hau pena!, teoria
ekonomikoan). Ez dut ikusi inoiz tontakeria handiagorik Ricardori hizkuntzalari txartela zu bezalako batek eskatzea baino. Hori duk eta doktore-agiriari etekina ateratzea! Ez nuen uste (horrelako) paper zati batek inor hainbeste harro zezakeenik, baina oker nintzen, noski. Izango dituzu pozik zure familia,
etxebizitzakoak, Sailekoak, Unibertsitateko ikasle-jendea eta gainerako aberkideak oro ere, jakina, zugan duten harribitxiagatik!! Eta hala dateke, segurki Errektore —lehenago Euskara Errektoreorde izana— eta Mundu Zabalean gainerako ekonomista eta kontableak, ikusirik beren anai-arrebek duten aitzinamendua gure artean!!

Gogoan dut, askok legez, Chomskyk zioena, alegia berari —baina ez bere alorreko kongresu edo "foroetan"!— era horretako paperak eta baimenak soziologo, politologo, ekonomilari eta antzekoek (hots, alor "gogor" ezinagoetakoek) eskatzen zizkiotela, Vietnamgo Gerraren aurka edo zerbait zioenean, demagun, jende horiek ez baitute edozein astakirtenen iritzi eta teoriak jasateko eroapenik;
aldiz, matematikariek, biologoek, fisikariek edo hizkuntzalariek (hots,alor "biguñago"-etakoek edo) horiek ez omen zioten inoiz horrelako ezer eskatzen, ia pulamentuzko ezer esateko zuen galdetu eta adi-adi entzun baino. Hemen, Euskal Mundutxoan, are pausu bat gehiago eman dugu: hemen zuzen-zuzenean ekonomista jakintsuek (edo, beno, horretan edo doktore ei direnek) erabakiko dute nor den Nor eta nork daramakeen monopolioa edo zenbatekoa datekeen bakoitzaren partehartzea... are hizkuntzalaritzan ere! Biba gu ta gutarrak, kogno! Tiene usté una grasia ke no se pué aguantá!

Nik erregu bat dut, halere. Euskaldunok eta euskotarrok betidanik misiogintzan izan dugun eta oraindik gelditzen zaigun zaletasun eta amorrua kontuan izanik, ez al ditugu esportatuko gure ekonomistak (eta, nahi badute, soziologgo eta politologoak ere), monja eta frailez urritzen hasiak omen garenez, Australian, Madagaskarren, Amazonian, Madrilen, Parisen eta... M.I.T.-en bertan, ze arraio!—
izan dezaten gure aurrerapen eta balentrien berri? Gure hizkuntzazko berri onak ukatuko al dizkiegu ume errukarri guztioi? Hala eginez ez Sabinok ez Jaungoikoak ez begaitzate barka! Esan dut joseba 2006-01-10 @ 22:04

[70] []

Etiketak: , ,

1 Comments:

Blogger Jesus Rubio said...

Galdu da, baina rekuperatu nahi genuke honako komentarioa ti Txopi:

FRIDAY, JANUARY 13, 2006 4:43:00 PM

Bai, ironia du Joseba lakarraren eskutitzak. Baina nik segitzen dut insistitzen nire
galderekin: Zergatik da euskararen sintaxia horren baldarra? Zegatik da
euskararen aditz sistema horren konplikatua? Edo praktikara pasatuz, zergatik
gaur egun gazte gehienak dakite euskaraz eta paradogikoki ez du ia inork hitz
egiten? Zein da egoera honen "benetako" arrazoia?

Nik uste galdera hauei erantzuten saiatu behar duzuela hizkuntzalariak eta ez
kezkatu hainbeste Euskara Jatorraz, Zuzenaz eta asunto guzti horietaz.

Ekonomista bat sartu dela euskararen auzian? Ongi etorri izan bedi euskararen
egoera negargarriari konponbiderik bilatzen saiatzen den edonor. Gainera zuek
hizkuntzalariak, -ez hartu modu txarrean galdera hau, ez da maltzurra, sinzeroa
baizik- ze lortu duzue urte guzti hauetan? Oso gutxi. Inork baino laguntza gehiago
izan duzue eta berriro esango dut,- hor daude estadistikak- oso jende gutxik hitz
egiten du euskaraz, nahiz eta jende askok, bizitza osoa, zuek proposatutako
euskara ikasten pasatu duen. Zabaldu ditzagun ateak beraz, beste jende motari,
zeren euskararen gaia beti euskal filologo, linguista, soziolinguista... en eskutan
uzten badugu, denok dakigu zein izango den gure egoera, demagun hemendik
ehun urtetara: Antzeko parezido.

Ez hartu modu txarrean Lakarra jauna, -bide batez herenegun zure artikulu oso
interesgarri bat leitu nuen 72 orrialdekoa, protoeuskarari buruzkoa- baina iritziak
alde batera utzita, hor daude euskararen erabileraren emaitza kaxkarrak. Nik uste
ezin duzuela hasarretu euskalzale batzuk esaten badugu, "nahikoa da, gure
hizkuntza hilzorian dago eta aldaketak nahi ditugu". Arrazoia daukagun edo ez
beste asunto bat da, baina egungo porrota hain da handia, -kontutan izanda euskal
telebista dagoela, irratiak, aldizkariak, egunkari bat, ikastolak, D ereduak,
militanteak eta abar luze bat- normala dela pertsona batzuk, (euskalzaleak
porzierto)zuek proposatzen duzuena zalantzan ipintzea. Onartu itzazue kritikak,
entzuniguzue mesedez, guk urteak eta urteak daramazkigu zuen "teoriak" txintik
esan gabe entzuten, leitzen, ikasten. Orain agian zuek entzun beharko duzue
badirela beste ikuspegiak, soluzio posibleak. Urteak pasatu duzue oposiziorik gabe
eta agian orain ikuspegi oso desberdinak entzuten hasi beharko duzue. Horren
argiak al zerate? Ta gu horren Motzak?

Denok dakigu oso gaizki egin beharko genukela, zuek lortu dituzuen emaitza
txarrak berdintzeko. Autokritika mesedez!

Izan bedi dena Euskararen mesederako. Horretan, uste dut, denok antzeko
sentimendua dugu

Txopi

larunbata, martxoa 23, 2024 4:39:00 PM  

Argitaratu iruzkina

<< Home