asteartea, urria 18, 2005

Pello Salabururen "Oharra BLOGerako"

Hona hemen hitzak on Pello Salaburu:

___________________________________________________

Ikusi ditut egun hauetan atera diren zenbait iruzkin nire hitzaldiaren inguruan. Ez nuen asmorik erantzuteko, hizkuntza esperimentuak ez baititut gustuko: hori gertatzen zaigu kontu hauetan iritziekin baino gehiago jakiteekin jardun nahiago dugunei. Baina, hala ere, leitu ditudan punttu batzuk direla eta, zerbait erran nahi dut. Norbaitek eskribitu du honako hau:
“Tipo honek esaten dituenak beste batzuk duela 25 urte esaten genituen”.
Eta aitzinttoago:
“Euskaltzaindiaren deklarazio instituzionala behar da non Salaburuk esandakoak onartu baitez”.
Gauzak garbi uzteko hastetik beretik, hemengo hika-mikak segitzeko astirik izan ez duenari (horretarako ere denbora behar baita) erran nahi dut, “tipo hori”, lerro hauek sinatzen dituenak eta Salaburu pertsona bera direla. Blog horretan ondoko bertze hau ere irakurtzeko aukera izan dut, nahiz ez dakidan euskara ote den hori edo bertze mintzo bat, zeinak harekin antza erakusten baitu, batez ere ortografian eta hiztegian:
“Kontrakoak eman badeza ere, neu kinago zu nago ezen kin haiek, zeren zure euskara ez baita ezertan ere artifizialagoa Euskaltzaindiaren euskara batua baino” (zergatik ez, koherenteak izanik, “agokin”, “kin ek hura” edo “ntaezer”, konparazione? Ez dut zalantzarik komunikazio kontuetan aunitz irabaziko lukeela testuak).

Orain dela 25 urte erranak. Ni ez naiz oroitzen nork zer erraten zuen orain dela 25 urte, ez dut gogoan, zerbait interesekoa erraten baldin bazuen ere, non erraten zuen, nola eta zertako erraten zuen, baina argitu nahi nioke berak orain orrialde berean erakusten dituen dudak nola konpontzen ahal dituen -zenbait puntutan bederen- orain dela 25 urte Euskaltzaindiak erraten zuenaz baliaturik. Testu batean du, antza, zalantza eta balantza, ez baitaki nola eman euskara batuan honako hau, ipurdi dantzan:

“Ikustearekin bi euskaldun, mundua, deabrua, eta beren burua garaiturik, lorios(?) zerurat(?) igaiten(?), zenbat Euskaldun lehiatuko ote gara haiei jarraikitzerat(?)? Agian anitz! Agian guziak (?)!”.

Testu horri, berak jarri dizkio galdera ikurrak, eta argia eskatu: “(?) daukaten horiez ez bainago seguru”.

Zaila lana! Goazen, hortaz, ikurra duten hitz horiekin:
LORIOS: hitz hau dagoen moduan idazten da euskara batuan. Hori orain dela 7 urte luze erran zuen Euskaltzaindiak hitz hau bere hiztegi batuan sartu zuelarik. Ondoan “Ipar.” marka jarri zion. Eta horrek zer erran nahi zuen handik bi urtera espresuki argitu zuen: “Hainbat hitzen formaren ondoan “Bizk., Ipar”. eta “Naf., Gip...”. ikurrak ematen ditugu. Euskalki markaren bat azaltzen duten hitz horiei buruz esan behar da ez dela inondik ere Euskaltzaindiaren asmoa, marka horiek eranstean, horrelako hitzak baztertzea; aitzitik, euskalki hitzok Hiztegi Batuan sartzeak adierazten du Euskaltzaindiak bultzatu egin nahi dituela idazleak hitz horiek erabiltzera —jakinaren gainean eta nori bere senak agintzen dion eran, jakina— horrela euskaldun guztien ondare komuna bihurtuz joan daitezen” (ikusi “Hiztegi Batua” izeneko liburua. Informazio hau Euskaltzaindiaren Webgunean ere bada). Orain dela 7 urte, erran bezala. Baina aitzinetik ez baitzuen deusik erran, hitz hau euskara batuan ibiltzea ez zuen inork ere debekatua eta, hortaz, betitik ibili ahal izan da. Orain dela 7 urte eta orain dela 25. Gainera, 7 urtetik honat bedeinkazioa eta guzi badu.

ZERURAT, JARRAIKITZERAT: bi hitz hauetan zalantzan dagoena ez da hitzen forma, baizik deklinabideko kasuaren marka: nola da batuan, “-ra” edo “-rat”? Zeren nik “mendirat” eskribitzen dudan aldi bakoitzean XUXEN ortografia zuzentzaileak gorriz azpimarratzen dit, non eta ez didan zuzenean zuzentzen. Baina gauza bat baita Euskaltzaindiak kontu hauetan erran duena, eta bertze bat zuzentzaileek (direla makinak, direla pertsona jakin batzuk) egiten dutena. Ongi bereizi beharko lirateke bi mailak, eta anitzetan jendeak nahasten ditu. Euskaltzaindiak 1979an argitaratu zuen forma hauez erran behar zuena, orain dela 26 urte. Liburuaren izena “BERGARA-ko biltzar ondoko ERABAKIAK” da, eta han espresuki onartzen dira, zein bere tokian, eta maila berean, “adlatiboa” deitzen dena (“-ra”) eta “adlatibo bide zuzenezkoa” (“-rantz, -rat”) deitzen dena. Hori 30. orrialdean da, eta bertze toki batzuetan. Ondoren, EGLUko lehenbiziko liburuan gauza bera errepikatzen da (aurten bete dira 25 urte liburu hori idazten hasi ginenetik), baina argiago: ezik izen bakarra ematen zaio kasu horri, -t hori aukeran, parentesi artean, paratuz. Beraz, hitz horiek dauden bezala onartzekoak dira euskara batuan.

IGAITEN: Hau ere nola idatzi behar den (informazioa Webgunean) 1998an adierazi zuen espresuki Euskaltzaindiak. Arauaren izenburua “Adizki perifrastikoetako adizki nagusiaren forma” da, 28.a da eta erran urteko maiatzekoa da. Ez naiz luzamenduetan ibiliko, arauaren akitze lerroa bakarrik baitut interesekoa hemen: “Ekialdeko euskalkietan ohikoa den “-i-“ tartekatua (“egoiten, izaiten, erraiten”, etab.) ez da batasunerako gomendagarria”. Beraz, gomendio mailan (araua izatera ailegatu gabe ere) “igaten” da gomendatzen duena. Hiztegi batuan ere ageri da gero “igaten” forma, baina “igaiten” espresuki baztertu gabe. Bakoitzak baloratu beharko du gomendioa segitu edo ez: batzuek nahiago dute hor interpretazio hetsiena egin eta Euskaltzaindiak erraten duen guztia, edozein mailakoa izanik ere, segitu. Nik, kasu honetan, “igaten” aukeratuko nuke euskara batuan, baina hautu pertsonala da hori, eta “igaiten” idatzirik ere, ezingo luke inork ere zuzendu Euskaltzaindiaren izenean, non ez bada testua argitaratu nahi duen argitaletxe jakin horrek, gobernu horrek edo dena delako horrek ez duen, barne politika gisan erabaki bat onartu, zeinek erraten duen Euskaltzaindiaren agindu guztiak bete behar direla, mailak (arauak edo gomendioak) kontuan izan gabe. Hori ere gertatzen da aunitzetan, eta konprenitzekoa da, argitaletxe batek bere produktuen gutxieneko homogeneotasuna nahi baitu. Baina zuzenketa, kasu horretan, ez da Euskaltzaindiaren izenean egiten, edo ez erakunde honen izenean bakarrik, baizik argitaletxeak bertze arau batzuk jarri baititu. Kontu hauetan, Euskaltzaindia tentuz ibiltzen da, eta batzuetan gomendioak argitaratu baditu, eta ez arauak, zerbaitegatik izan da. Gogoan izan du beti zer gertatzen den idazleekin: pentsatzekoa da idazleek, oro har, gomendioei ere kasu egiten badiete, gomendio horiek arau bihurtuko dituela urte batzuen ondoan. Eta orduan bai: orduan, orduan bakarrik, euskara batua deitzen dugun horretan nahitaez betetzekoak izanen lirateke. Jakina: holako gauzak EGAko zuzentzaile batek, edo institutuko irakasle batek, ez baditu bereizten, horren erantzukizuna ez du Euskaltzaindiak, baizik duenak.

GUZIAK: kasu honetan hitzaren formaz ari gara. Badakigu “guztiak” hedatua dela. Zer egin “guziak” formarekin? “Hiztegi Batuak” honela dio (hau ere aspaldiko kontua da, orain dela 7-8 urtekoa, eta orduan argitaratua): “guzi h. guzti”. Beraz, “Hiztegi Batuak” erraten digu “hobe” dela “guzti” idaztea, eta ez “guzi”. Eta zer erran nahi du “hobe” horrek? Hori ere espresuki azaldua da, eta ez da deus ere asmatu behar: “Horrelakoetan, "hobe" hori Euskal Herri osoari begira idazten diren testuetako erabilerari soilik dagokio, eta hitz edo aldaera horiek egokiak dirateke beste kasu batzuetan, “Herria” astekarian, “Bizkaia” gehigarrian edo herri aldizkarietan idazterakoan, adibidez” (“Hiztegi Batua”-ren sarreran). Euskaltzaindiak “erabili” (hitz bat gaitzetsi eta bertze bat ibiltzeko agintzen du), “hobe” (orain ikusten ari garena. Bada bertze “hobe” bat ere oraingo gai honi ez dagokiona), eta euskalki marka duena (lehen ikusia) bereizten ditu sarreren artean. Bigarren kasuan sortzen ahal dira zalantzak, hor, bertze bietan ez bezala, interpretazio kontuak ere ageri baitira tartean. Zeren, zer erran nahi du “Euskal Herri osoari begira idazten...” delako esaldi horrek? Kontura gaitezen inork ere ez duela zalantzan jartzen “guzi” ere batua dela, maila batean bederen, non ibiltzen dugun. Ikas liburu batean, konparazione, eta argitalpen desberdinak egiteko masa aski ez baitugu, nik “guzti” aukera nezake. Edo unibertsitateko liburu batean. Edo buletin batean. Baina inprentan dudan Baztango gramatika batean, eta ez da laburra, “guzi” aukeratu dut. Jakinaren gainean. Inork ere ezinen du erran hori ez dudala batuan eskribitu. Literaturan ere ez dut zalantza gehiegi: nongo ukitua eman nahi zaion, “guzi” egokiago izanen da “guzti” baino. Edo alderantziz. Hau, batuaren kontuaren gainean ari zela, aspaldi erran zuen Mitxelena zenak berak ere, ez naiz deusen asmatzen ari orain. Kasu honetan literatura lan baten gainean ari gara, eta hori Iparraldeko euskalki batean eskribitua da. Nik ez nuke zalantzarik, eta “guzi” aukeratuko nuke (nahiz hautu hau eta honen parekoak izan daitezkeen bertze batzuk sarreran azalduko nituzkeen, argudio bideak erakutsiz irakurleari, honek ere bai baitu eskubidea jakiteko zergatik eta nolatan egiten ditugun egiten ditugun aukerak). Ez dago euskara batuaren eredu bakarra. Ezin da gertatu holakorik Euskaltzaindiak berak batasunaren inguruko interpretazio batzuk idazlearen esku uzten baditu. Hori da hemen gertatzen dena. Beraz, niri norbaitek galdetuko balit nola eman testu hori batuan, hola emanen nuke:

“IKUSTEAREKIN BI EUSKALDUN, MUNDUA, DEABRUA, ETA BEREN BURUA GARAITURIK, LORIOS ZERURAT IGATEN, ZENBAT EUSKALDUN LEHIATUKO OTE GARA HAIEI JARRAIKITZERAT? AGIAN ANITZ! AGIAN GUZIAK!”.

Baina bertze norbaitek bertze molde hauetara paratuko balu ere, nik ezinen nioke erran zuzen ez denik. Erranen nioke, nirea ere batua izanik, jatorrizko egilearen lana hobeki errespetatzen duela, eta haren “usaina” hobeki altxatzen duela, eta testua bera berdinduago eta homogeneoago gelditzen dela:

“Ikustearekin bi euskaldun, mundua, deabrua, eta beren burua garaiturik, lorios zerurat igaten, zenbat Euskaldun lehiatuko ote gara haiei jarraikitzerat? Agian anitz! Agian guztiak!”.

“Ikustearekin bi euskaldun, mundua, deabrua, eta beren burua garaiturik, lorios zerurat igaiten, zenbat Euskaldun lehiatuko ote gara haiei jarraikitzerat? Agian anitz! Agian guziak!”.

“Ikustearekin bi euskaldun, mundua, deabrua, eta beren burua garaiturik, lorios zerurat igaiten, zenbat Euskaldun lehiatuko ote gara haiei jarraikitzerat? Agian anitz! Agian guziak!”.

Bai baitira, batasunaren arauez gain, senak ere eskatzen dituen erabaki batzuk. Baina nago ez ote duten batzuek sena aspaldixko galdua.

Horregatik, eta honekin akitzen dut, ez dut uste Euskaltzaindiak inolako adierazpenik egin behar duenik nire hitzaldiaren gainean. Ez dut hautsi, uste dut segurik, inon ere hautsi, Euskaltzaindiak eman batasun araurik. Urratsez urrats segitu dut, hori egin nahi izan dut bederen, Euskaltzaindiak orain, eta orain 25 urte ere, erraten zuena. Hemengo metodologia bera aplikatu dut hitzaldian. Euskaltzaindiak erraten duenaren, eta erraten omen duenaren edo erranarazten diotenaren artean, ez baita, ez, arteka ttipia. Hori bai, norbait gai baldin bada erakusteko zertan aldendu naizen Euskaltzaindiak zehaztutako euskara batutik, eskertuko nuke, biziki eskertu ere, hori jakinaraztea. Betiere bereizirik, hori bai, balizko esperimentuak eta eguneroko errealitateak. Zerengatik ezin dira sartu biak zaku berean.

Pello Salaburu

[54] [>>>]

Etiketak:

1 Comments:

Blogger Erramun Gerrikagoitia said...

Bai, da egia biribila ezen esan ohi daroagula hau bazkaria karu da eta holakoak. Baita da egia ez dira agertzen ezta noiz izkiriatzen da mendebal euskaraz zeren bildur handia dago -terrorea?- izkiriatzeko euskaraz nola da realitatean. Ez dago ikusi besterik an Mendebalde ingurukoen lanak ohartzeko ez dira agertzen honako realitateak. Ikara bat dago eta paralysia, ez da solte izkiriatzen dago edo dagoke normativismo lar eta baita agian -hontan ez nago seguru- norma lar.

asteartea, urria 18, 2005 9:29:00 PM  

Argitaratu iruzkina

<< Home